
Hemen gaude berriro. Oraingoan, itxaronaldia espero baino gehiago luzatu da (ia ia urtebete!) baina, azkenik, hemen duzue IZU GIROAren zenbaki berria, 21.a dagoeneko. Badakizue: beste hainbat gauzatan lanpeturik ibili gara, fanzinerako materiala biltzen genuen bitartean hilabeteak pasatzen ziren, konturatzerako uda heltzen da... Baina jakin genuenean irailaren 22an Fanzine Eguna antolatu behar zutela berriro Azpeitian, egun horretarako zenbaki berria kaleratzeko delibero tinkoa hartu genuen. Festa bikain horretako antolatzaileek egiten duten esfortzua ikusita, gu ere ezin ginen atzean gelditu.
Berrikuntza dezente ikusiko duzue IZU GIROA berri honetan. Hasteko, maketazioa asko hobetu dugu, konturatuko zaretenez. Beste aldetik, zenbaki hau garaiz bukatu ahal izateko, normalean beti agertzen diren sail batzuk aldatu, edo, besterik gabe, hurrengo zenbaki baterako utzi ditugu. Edozein modutan, IZU GIROA hau beti bezain mardul eta eduki interesgarriz (hala espero dugu behintzat) beterik aurkituko duzue.
Eta momentuz besterik ez. Gauza batzuk kanpoan gelditu direnez, espero dugu hurrengo zenbakia laster izango duzuela esku artean. Badaezpada ez dugu datarik aurreratuko, baina zin egiten dugu beste urtebetez ez duzuela itxaron beharko IZU GIROA berria irakurri ahal izateko